Portugaleko Ingurumen Ministerioaren agindu baten arabera, urte amaiera baino lehen PET (polietilenozko tereftalatoa) botilak bueltatzen dituzten herritarrei saritu beharko zaie. Botila hauek ura, zukuak eta freskagarriak gordetzeko erabili ohi dira. Ordainsaria botilen edukieraren arabera aldatuko da, edukiera litro erdia baino gutxiagokoa izanez gero 2 zentimokoa izango da eta 5 zentimokoa litro erdia baino edukiera handiagoa izatekotan. Nolanahi ere, ordainsaria ez da eskudirutan izango, baizik eta etorkizuneko erosketetarako deskontuetan, deskontu-txarteletan, zozketetarako parte hartzetan edo gizarte helburua duten erakundeetarako dohaintzetan izango da.
Botilen itzulera praktikan jartzeko, supermerkatuek edukiontzi espezifikoak izan beharko dituzte, orain pila eta bonbilen edukiontziekin gertatzen den antzera.
Modu honetan, Portugaleko gobernuak PET botilen berrerabilpena eta birziklapena hobetzeko beste pausu bat eman du eta horretarako GIIS (Gordailu, Itzulketa eta Itzulerako Sistema) deitutako sisteman apustu egin du. Ekimen honekin, Portugalek gai honetan punta-puntako herrialdeak diren Alemania, Norvegia, Finlandia, Herbehereak, Suedia eta Israelekin bat egiten du. Espainian, autonomia-erkidego batzuek baino ez dute aukera hau baloratzen.
Gordailu, Itzulketa eta Itzulerako Sistema.
GIISek oinarritzat duen printzipioa oso ezaguna da eta luzaroan praktikatu izan zen. Joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadara arte, herritarrek auzo-dendei beirazko botilak itzultzen zizkieten, eta hauek bueltan diru kantitate txiki bat itzultzen zieten.
- Gordailua: ontzi bakoitzari lotutako balio ekonomikoari egiten dio erreferentzia. Honen helburua ontzia baldintza onenetan produkzio katera itzultzeko pizgarria izatea da, honen kopurua herritarrentzat zerga edo kostu extra bat izan beharrean aurrerakin bat izanez.
- Itzulketa: ontzia dendara bueltatzerakoan, kontsumitzaileak aurreratu duen diru kopurua oso osorik itzuliko zaiola esan nahi du.
- Itzulera: ontzia produkzio katera itzuliko da berrerabili daitekeen ontzi gisa edo produktu berri batean bihurtzeko prest dagoen lehengai gisa.
0 Comments